Energia elektrikoa garraiatzeko aireko linea

Aireko linea elektrikoa

Aireko linea elektrikoak energia elektrikoa garraiatzeko edo/eta banatzeko erabilitako egiturak dira. Euskarri batzuetatik eskegita dauden eroale elektrikoz hornituta egoten dira (eroale bat edo gehiagoz, askotan hiru edo lauz). Haietan isolamendu elektrikoa gehienbat airearen bitartez ziurtatzen denez, aireko linea elektrikoak energia elektrikoa kopuru handitan garraiatzeko egitura merkeenak izaten dira.

Lineen euskarriak zurez (zur naturalez edo laminatuz), altzairuz (sareta egiturez edo hodi moduko zurtoinez), hormigoiz, aluminioz eta, batzuetan, indartutako plastikoz egiten dira. Txikiak eta sinpleak direnean zutoin deitzen zaie eta handiak eta konplexuak direnean dorre. Lineen eroale biluziak (isolamendu bereziaz estali gabeak) eskuarki aluminioz egiten dira, aluminio soilez edo altzairuzko edo beira- eta karbono-zuntzez egindako material konposatuzko erdigunez indartutako aluminioz. Hala ere, tentsio ertaineko banaketa-linea eta bezeroekiko behe-tentsioko lotura-linea batzuetako eroaleak oraindino kobrezkoak dira.

Energia garraiatzeko aireko linea elektrikoak diseinatzerakoan helburuen arteko garrantzitsuenetarikoak hurrengoak dira[1]:

  • Linearekin ukitze arriskutsuak ekiditeko tentsiopean dauden eroaleen eta lurraren arteko distantziak egokiak izango direla ziurtatzea.
  • Ekaitzek, izotz kargek, lurrikarek eta litezkeen bestelako kalte-eragileek sor ditzaketen indarrak gainditzeko eta horrelako egoeretan eroaleei eusteko gauza izango diren euskarriak erabiltzen direla ziurtatzea.
  1. Donald G. Fink eta H. Wayne Beaty, Standard Handbook for Electrical Engineers, 11. argitaraldia, McGraw-Hill, New York, 1978, ISBN 0-07-020974-X, 14. atalburua Overhead Power Transmission

© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search